martes, 21 de mayo de 2013

EMAKUMEAK HISTORIAN ZEHAR



Zenbait azterketek herri aurre-nekazarietan ehiza ez dela izan bizikiderako modua erakutsi dute. Jendartea bilatzaile izatetik baratze zaintzara igaro zen eta emakumezkoek euren nagusitasuna mantendu zuten elikagaien ekoizpenean. Emakumezkoak izan ziren hainbat milurtetan zehar jendartea berdintasunez eraiki zutenak. Jendarte  matriarkal hauetan, emakumezkoak hartzen zituen beregain lanik garrantzitsuenak taldearen garapenean (bai elikagaien eta barazkien bilketan zein lanabesen prestakuntza eta baita umeen zaintza emakumezkoen esku geratzen zen). Gizonezkoen funtzioa garrantzitsua izan zen jendarte hauetan baina ikuspegi osagarri batetik bakarrik, emakumezkoaren baloreak eta ikuspegiak izan ziren gailendu zirenak.

Jendarte horiek, pixkanaka-pixkanaka aldatzen joan ziren, nekazaritza ezarketaren ondorioz. Nekazaritzak, antolatzeko beste modu batzuk asmatu zituen eta antolatzeko beste modu hauekin batera emakumezkoak erditik atera eta gizonezkoen aginduetara jarriak izan ziren. Beraz, antolatzeko modu berriaren sorrerarekin, balore berri batzuk ere sortu ziren.

Nekazaritza jendarte hauetan emakumeen funtzioa etxeko-lanetara mugatua geratu zen. Emakumezkoa jendarte ezagutza oinarrizkoetatik kanpo utzita (gizonezkoentzat geratuko baitzen), eta kultura eta erlijio ekoizpenetik kanpo mantenduta (garai batean ere, hizkuntza idatzitik kanpo utzi zituzten), emakumezkoa gizonezkoen mende bizitzera pasatu ziren.

Egoera honetan egonda, emakumeei egokitzen zaizkien funtzioak, funtzio tekniko edo ugalketa funtzioak izan dira. Funtzio hauetan, emakumezkoen baloreak gizonezkoen logikaren menpe geratzen dira. Umeen zaintzak, nekazaritzaren antolakuntzak, garbiketak eta beste era batzuetako lan teknikoek alde batean uzten dute emakumezkoen jendarteratzea. Emakumeei ez diete uzten ekarpenak egitea, nekazaritzan ekarpen handiak egiten dituzte lan teknikoetan baina baloreetan, erabakietan, iritzietan, eta abar, ordea, gero eta leku txikiagoa dute.

Historian zehar gizonezkoek boterea ondo mantendu izan dute zein bere eremuan. Horrela, maila boterenetsuetan batez ere, emakumearekiko jarrera, iritziak jendartaratzen joan ziren, emakumearekiko gutxiagotasunezko konplexua sosrtu nahiean. Emakumezkoa "gauza edo objektu" baten moduan ikusten zuten (subjektu pasibo moduan definitzen duguna), hau da, beste pertsonek egiten zituzten ekintzak egiteko gai ez zirenak. Emakumezkoari, historian zehar, bizitza kulturala eta aisialdia ukatua egin zaio, eskubideak urratu izan zaizkio baina eginkizun ugari bera gain hartu behar izan ditu.



Emakumezkoek gizonezkoen aldetik jasandako menderapen hori esklabutza sorrerarako eredu kontzeptuala izan zen eta familia patriarkarrak eredu estrukturala eman zuen.

Gure garaira arte iritsiko den jendartea antolatzeko modu bat eraiki zen, emakumezkoa gizonezkoaren menpe bizitzera eramango duena: PATRIARKATUA

miércoles, 13 de junio de 2012

HIZKUNTZA SEXISTA

Hizkuntza sexistaren inguruan hitz egiten hasteko, lehenik eta behin beharrezkoa ikusten dugu hizkuntzaren garrantziaz hitz egitea. Dena den, hizkuntza pertsonen arteko komunikazio tresna bat izateaz gain, jendarteratze prozesuan eragin zuzena dauka. Alde batetik, hizkuntza bat ikastea sozializazio prozesuaren parte da, baina bestetik prozesu hau gauzatzeko tresna ere bada. Honek esan nahi du hizkuntza batek pentsatzeko era bat adierazten duela, hau da, mundua ikusteko modu bat da. Hizkuntzak jendartearen araberakoak izango dira. Jendarte bakoitzak bere balio, arau, jarrera eredu… batzuk ditu, horregatik hizkuntza bakoitza ematen den jendartearen araberakoa izango da. Baina hizkuntza batek ezaugarri zehatz batzuk izateaz gain, balio, jarrera eredu eta arau hauek birproduzitzen ditu. Beraz esan dezakegu hizkuntzek eragin zuzena daukatela pertsonen integrazio sozialean eta horregatik, hizkuntzak sozialki ebaluatu daitezke. Pertsonen integrazioan daukaten eraginaren arabera esan daiteke hizkuntza batzuk beste batzuk baino "onargarriagoak" direla.

Adibidez, ideiak eta pentsamenduak transmititzeko hitzak erabiltzen ditugu, baina hauen esanahiak ez dira errealitateko objektuak zuzenean baizik eta gizakiok errealitateari buruz sortu ditugun kategorizazio abstraktuak.

Aurretik esandakoaren arabera, ikusi dezakegu gure hizkuntza eta jendartearen artean lotura zuzena dagoela. Gure jendartea patriarkala da, hau da, sexuan oinarrituz bi genero banatzen dira (emakumeak eta gizonak) eta bi hauen artean botere-harreman bat ematen da. Sozietate mota honetan gizona da erdigunea emakumea baztertuta utziz eta estatus maila baxuagoa daukate gizonezkoek baino. Honen arabera esan dezakegu emakumeen bazterketa ematen dela eta beraz, eskubide urraketa.
Egoera   hau, erabiltzen dugun hizkuntzan islatuta agertzen da, baina ez hori bakarrik, ideia hauek birproduzitzen ditugu hizkuntza sexistaren erabilerarekin.
Hizkuntza sexistaren inguruan hitz egitean ez gara bakarrik hizkuntzetara mugatu behar. Aurreiritzi asko dauzkagu emakumeek erabiltzen duten hizkuntzaren inguruan, patriarkatuaren eta androzentrismoaren baloreekin bat datozenak.
Cameronen arabera hauek dira hizkera femeninioari buruz dauzkagun usteak edota aurreiritziak:
- Emakumeek hitz egitean gizonezkoek baino jariotasun gutxiago daukate.
- Emakumeek ahozko komunikazioa dute oinarri eta hizkera informala erabiltzen dute
- Lotura logikorik gabe hitz egiten dute. Dena dela, pentsamendu logiko-matematikoa gizonezkoei atxikitzen zaie.
- Baiezkoak galdera doinuz egiten dituzte. Hau da emakumeen rolaren barne autoestima baxua dagoelako eta beraz besteen onespena behar dute.
- Gizonezkoek baino gutxiago hitz egiten dute, entzun egiten dute. Azken finean emakumeei rol pasibo-hartzailea atxikitzen zaie.
- Konpetentziazkoak baino, kooperaziozko estrategiak erabiltzea, Konpetibitatea balore maskulinoa baita.

Batzuetan dudak sortzen dira gai honen inguruan eta batzuek planteatzen duten galdera zera da: zer da sexista hizkuntza edo erabilera?? Galdera honi erantzun ahal izateko zenbait adituen hitzak erabiliko ditugu:
  • "Kultura sexistatik mintzaira sexista dator eta mintzaira sexistak kulturaren sexismoa iraunarazten du" (Agurtzane Juanena) (1). Agurtzanek esan nahi duena da kultura dela hizkuntza sexista bilakatzen duena, baina azkenean hizkuntza dela kultura hori birproduzitzen duena.


  • "Hizkuntza errealitatearen sortzailea da eta munduak sortua aldi berean" (Uri Ruiz Bikandi)(2).

  • "Euskara kultura sexista batean murgildutako hizkuntza ez-sexista da" (Linda White)(3). Beraz, Lindak defendatzen du hizkuntza berez ez dela sexista, baizik eta kulturak bilakatzen duela sexista, hau da erabilera.

  • "Hizkuntzek ez dute beren egituragatik diskriminatzen. Hizkuntzak kultura jakin baten isla dira" (Begoña Muruaga)(4)

  • "Ezin dugu hitz egin... hizkuntza sexistari buruz, baizik eta hizkuntzaren erabilera sexistari buruz... hizkuntzak... aukera ugari ematen baitu errealitate jakin bat deskribatzeko" (Emakunderen proposamenetan).

(1)Euskal idazlea.(2) Bilboko Magisteritza Eskolako irakaslea da gaur egun.Berrikuntza pedagogikoaren mugimenduetan hartu du parte.(3)Idazle amerikarra.(4)Maeztuko Forum Feminista Mariako kidea.(5)Eusko Jaurlaritzako Emakumearen Erakunde Autonomikoa.
Hizkuntzetan zentratuz,sexismoa guk erabiltzen dugun bi hizkuntzatan antzeman daiteke, bai gazteleran eta bai euskaran.

Gaztelerari dagokionez, oso nabaria da emakumearen bazterketa hizkuntzan, dena dela, gaztelanian plurala gehienetan maskulinoan erabiltzen da, modu honetan emakumeen figura alde batera utziz eta hauen bazterketa areagotuz. Hizkuntza idatzian gero eta gehiago erabiltzen dira bi generoak edota hitz neutroak erabiltzeko saiakera egiten da. Hala ere, ez da beti betetzen eta gaur egun ikastetxetan erabiltzen diren testu askotan bakarrik genero maskulinoa agertzen da. Gainera hizkuntza idatzian egitea errazagoa da , baina ahozkoari dagokionez, bat-batean egiten dugunez barneraketa sakonago bat behar da hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko.

Honetaz gain, lexikoari dagokionez, maskulinoan dauden hitz askok femeninora pasatzean konnotazio negatiboak jasotzen dute. Adibidez, perro, zorro, golfo, lobo, ligerohitzak femeninora pasatzean zentzu guztiz negatiboa hartzen du. Honela zeharka lortzen da femeninoarekin gauza negatiboak atxikitzea eta emakumearen figura gutxiestea eta humilatzea , beraz patriarkatuak bermatzen dituen botere-harremanak birproduzitzen dira.

Bestalde, genero femeninoa desagertarazteko, pertsona guztiei erreferentzia egiten dieten esaldietan bakarrik maskulinoa erabiltzen da, "Los avances del Hombre", "La historia del hombre" edota "Los derechos fundamentales del hombre".
Honekin lortzen da emakumea alde batera uztea eta ikusezin bihurtzea gizona munduaren erdigune bezala kokatuz.

Hala ere, nahiz eta gazteleraren zama sexista handia izan (%80), euskarak ere zama sexista dauka, nahiz eta baxuagoa izan (%5). Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa. Hikaren kasuan aditzean azaltzen da genero ezberdintasuna, emakumeekin hitz egitean -n erabiltzen da eta gizonekin –k. Gramatika alde batera utzita, Linda Whitek aipatzen duen genero kutsadura azalduko dugu, hala ere, hau ez da bakarrik euskararekin gertatzen. Genero kutsadura izenak nahiz eta neutroak izan genero batekin identifikatzean datza. Adibidez, mediku, langile, politikari hitzak entzutean gizonezko figura bat etortzen zaigu burura, baina erizain, garbitzaile, idazkari hitzekin berriz, emakumeak etortzen zaizkigu gogora. Hitzak berez neutroek dira eta ez diote genero zehatz bati erreferentzia egiten, baina asoziazio kultural bat ematen da eta horren ondorioz lanbide zehatz hauek genero bati atxikitzen dizkiogu. Azken finean estatus maila altuagoko lanbideak gizonezkoekin erlazionatzen dira eta besteak emakumeekin.Baina ez da bakarrik lanbideetan pasatzen, hitz generiko neutroak erabiltzean gehienetan gizonezkoak etortzen zaizkigu burura. Adibidez gazteak esatean mutil gazteak etortzen zaizkigu burura, nahiz eta generikoa izan. Hau gertatzen da jendarte androzentriko batean bizi garelako, non emakumeak alde batera geratzen diren.

Hiztegiari dagokionez, itxurazko bikoteak aipatu ditzakegu.Hau da gaztelaniarekin ikusi dugun kasu berdina, nola aldatzen den hitzen esanahia generoaren arabera, alegia. Adibidez, emabakar=monogamo eta gizabakar=norbanako edota gizalege=begirune eta emalege=hilekoa. Ikusi dugunez gaztelaniaren kasuan bezala genero femeninoko hitzak dira konnotazio negatiboak dituztenak.
Honetaz gain, euskaraz giza- erroa erabili izan da generikoak diren hitzetan, hala nola , gizaki…Erro hau gizon hitzatik eratorritakoa da, beraz izaki maskulinoei egiten die erreferentzia. Hala ere honen aurrean jarrera ezberdinak ematen dira. Batzuen ustez giza- erroaren erabilera ez da sexista, hegoaldean neutrotzat hartzen baita. Beste batzuen ustetan, forma hau baztertu beharra dago, maskulino orokortzailea delako eta emakumeen ezkutatzaile. Honen ordez jendarte bezalako terminoak erabiltzea gomendatzen dute. Gainera lehenengoen proposamena bakarrik Euskal Herriko hegoaldean aplikatu daiteke, Iparraldean giza- erroa maskulinoa baita.
Ibon Sarasola euskaltzain eta hiztegigileak honako hau esaten du gizaki hitzaren inguruan:
" Hizkuntzak gaur egun, begien bistako arrazoiengatik, gizonezko nahiz emakumezko edozein izendatzeko, gizon-ez bestelako hitz bat behar du. Froga daiteke, tradizioa gorabehera, gizaki dela betebehar horretarako aukerarik egokiena, eta ‘gizonezko’ esateko baditugula gizaki bezain egokiak". Hizkuntza ez sexista erabiltzeak garrantzi handia dauka emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasuna lortzearen bidean. Mugimendu feminista izan zen hizkuntza sexistaren salaketa egin zuen lehena eta handik aurrera saiakerak egin dira parekidetasunean oinarritzen den hizkuntza zabaltzeko. Hala eta guztiz ere, errealitatean jendeak ez dio garrantzi handirik ematen hizkuntza ez sexista erabiltzeari, konturatu gabe ze nolako eragina daukan hizkuntzak emakumeen bazterketa sozialean. Hizkuntza sexista erabiltzea emakumeak diskriminatzeko beste modu bat da eta patriarkatuaren kontrako borrokan hala beharrez landu beharreko esparrua da hizkuntza.

Instituto de la Mujer-ekoek hurrengo arrazoiak ematen dituzte proposamen ez-sexisten alde: "arau linguistiko batzuek emakumeen identifikazioa oztopatzen dute; arau linguistikoak ikuspegi androzentrikotik eginda daude; rol sozialetan gertatu diren aldaketetara egokitu behar da hizkuntza diskriminatzen duten estereotipoak baztertzeko".
Honengatik, erakunde eta gaian adituak diren pertsona desberdinek hizkuntza ez sexista erabiltzeko proposatzen dituzten zenbait gomendio aipatuko ditugu:

Emakunderen hizkera ez-sexista erabiltzeko gomendioak:

  • Gizon, gizaseme eta gizonezko forma maskulinoak dira. Forma orokorrerako gizaki eta giza- erabiliko ditugu. "izena+gizon" egituraren ordez, "-ari" atzizkia edo "langile" erabiliko dugu.

  • Euskaraz ditugun hitz elkarketak erabiliko ditugu (seme-alabak, neska-mutilak), eta ez erdaratatik etorri zaizkigun kalkoak: aitak, semeak... (maskulino orokortzaile direnak).

  • Zuzendari jauna formula saihestuko dugu eta hurrengo hiru aukeren artean aukeratu: zuzendaria edo zuzendari jaun/andrea (zein generotakoa den ez dakigunean), zuzendari jauna edo zuzendari andrea (zein generotakoa den dakigunean).


  • Ez dugu "-sa" atzizkia erabiliko. Zubereraz bizirik dagoen arren (laborarisa, jainkosa, alarguntsa, abadesa, alkatesa), hegoaldean "-ren emaztea" esateko erabili baita. Beraz, generoa zehaztu nahi badugu, neska/mutil dantzaria edo gizon/emakume dantzaria esango dugu.

  • Hitanoa ez dugu talde misto bati zuzendutako mezuan erabiliko.

  • Kontuz beste muturrera pasatzearekin (erdaretikako itzulpenetan hizkera sexista saihesteko perifrasi batzuk beharrik gabe mantentzea).

  • Gizartea bi generok osatzen dugu, bien interesak asetu behar dira. Emakumeei buruz hitz egiten ari bagara zehaztu, eta berdin gizonekin. Ez erabili lagun, pertsona, haur... forma orokorrak zehatzei buruz ari bagara.

  • Pareko tratamendua eman behar zaie emakume eta gizonei. Saihestu "Etxebarria jauna/zuzendaria eta Mirentxu"; "gizonak hor daude eta neskak orain etorriko dira"; Kontuz adjetiboekin: lirain, eder, polit, panpox, pertxenta, xarmant eta indartsu, sendo, azkar, iaio, trebe... (generoekin identifikatzen dira eta hori zaindu egin behar da).

  • Ez dira lotu behar estereotipoak eta gizarte-paperak, lanbideak, sexuak. Zirujaua, abokatua, soldadua, iturgina, arotza, jostuna, ile-apaintzailea, erizaina... andrazkoak zein gizonezkoak izan daitezke.

  • Pertsonak izen, abizen, kargu, lanbidez identifikatu behar dira, ez andreaz. Erabili: "(Miren) Azkarate Kultura sailburua (ez (Miren) Azkarate andrea)". Gizonekin abizena soilik aipatzen bada, andreekin gauza bera egin.

  • Ahaidetasun-erreferentzia alferrekorik ez egin. Saihestu "alkate jauna eta bere emaztea".

  • Ez gutxietsi edo oztopatu emakumeen ekintzak hizketaren bidez, haien irudi soziala gutxiesten baita modu horretan.

Emazteek diote, Eraikizan eta Anuntxi Aranaren(6) proposamenak:


  • Jende(ki), pertsona (gizaki, gizonen ordez)

  • Jendarte (gizarteren ordez)

  • Haurrideak (anaiaken ordez; anai-arrebak)

  • Haurridetasuna (anaitasunaren ordez)


Hala eta guztiz ere, hizkuntza aldatzea ez da nahikoa gure pentsamendua aldatzen ez badugu. Hizkuntza ez sexista erabiltzeak pentsamendua aldatu dezake, baina azken finean patriarkatu batean bizi gara eta beraz hiztegia ez ezik, esanahiak ere aldatu behar ditugu. 

hizkuntza sexistaren inguruko informazio gehiago ikusteko:   http://superhezkuntza.blogspot.com.es/
 

jueves, 7 de junio de 2012

EMAKUMEAK SISTEMA PATRIARKATUAN

Zer da patriarkatua?

Patriarkatua jendarte antolakuntza oso bat da, sinbolikoa, etikoa, teorikoa, hizkuntzazkoa, kulturala, … milurtetan zehar kontzienteki edo inkontzienteki emakumezkoek gizonezkoengan jasandako boterearen adierazlea da. Sistema honek garapen luzea izan du, era ezberdinak erabiliz emakumezkoa era batean edo bestean zapaltzeko. Baina sistema honekin, emakumezkoak zein gizonezkoak daude inposatuta, jendarte patriarkarrak emakumezko zein gizonezkoei inposatzen dizkie bere baloreak, boterea gizonezkoei aginduz eta emakumezkoei gizonezkoen aginduak betetzera inposatuz.

Garai honetatik aurrera eraiki dena emakumezkoa zapalduz izan da: kultura, ezagutza, aurrerapen teknikoak, konkistak, asmakuntzak,… Emakumezkoak guzti honetan parte hartu izan dute, baina ez dira baloratuak izan. Honetaz gain, beste lan batzuk inposatu zaizkie eta gizonezkoei maitasuna eskaintzera behartuak izan dira.

Patriarkatuak eragiten duen zapalkuntzak irauten du nahiz eta sistema soziala, ekonomikoa, juridiko-politikoa edo ideologikoa, kultura eta garai ezberdinen arabera aldatu. Horregatik, zapalkuntza patriarkarra espezifikoa da, jendartea antolatzeko sistema jakin batean soilik gertatzen ez delako, klase zapalkuntzatik zuzenean ondorioztatzen ez delako eta gainditu ahal izateko harreman personal eta kolektibo berria eraikitzea ezinbestekoa da.

Espezifikoa izateaz gain, emakumeek jasaten duten zapalkuntza egiturazkoa ere bada, jendartearen oinarrizko egiturari dagokiolako, jendartearen antolaketaren esparru

guztietan, maila ekonomiko, politiko eta ideologikoan gauzatzen delako eta bizitza eremuan gertatzen delako (bai pribatuan bai publikoan).

Emakumeak subsidiariotasun egoera berrietara zokoratzen ari da, sistema kapitalista patriarkarrak. Emakumeak, sektore produktiboan barneratu izana emakumeen borroka eta sistemaren aurrerapausu gisa saltzen diguten arren, eremu publiko horretan, emakumeak bigarren plano batean kokatuak dira. Oraindik ere errealitate bat dira: lan berdina egiteagatik emakumeak gutxiago kobratzea, hirugarren sektorean kontzentratzea, lan baldintza okerrenak izatea, …

Patriarkatuaren ideologian ez dira sekulako aldaketarik eman. Ideologia hau ez da aldatu, bere ageriko formatean baino ez. Kapitalismoak, patriarkatuak inposatutako baldintza berrietara egokitzen joan da, genero ezberdintasunen ustiaketa ekonomiko handiago baten bila. Aldaketak, legislazioaren parte batean eman dira, baina ez estereotipoetan edo eremu ideologikoan, nahiz eta diskurtso sozialaren eremuan, aldaketaren sentsazioa eman.

Testuinguru sozial honetan diseinatzen da hezkuntza sistema, eta berebat, bere hierarkizazio sexista bertan islatuko da, garai historikoaren arabera moduak aldatuz. Europan XVI. mendera arte debekatua egon zen emakumezkoek hezkuntzan parte-hartzea. XVI. mendetik XIX. mendera nesken heziketa oso mugatua zen: emazte eta ama izateko hezten ziren, hori baitzen gizarte sexistak ezartzen zien rola. Frantses Iraultzaren ondoren emakumeak euren artean antolatzen eta Mugimendu Feminista eratzen hasi ziren. Horrela, gizarteko esparru guztietan bizi zituzten egoera komunak elkarrekin aztertzen hasi ziren. Bizi zuten egoeraren azterketa eginez hauteman zuten nola manipulatzen ziren emakumeen kolektiboaren bizitza, gorputza, lana eta abar gizartean aurrez ezarritako helburuen arabera. Emakumezkoen egoera orokorraren jabetze honetatik abiatuta, hori nola gertatzen zen aztertzen hasi ziren, eta baita hezkuntzan ere. Hezkuntza sisteman nesken egoera nolakoa zen berrikusten hasi ziren, eta lehenago baino uste gehiagorekin hasi ziren aldarrikatzen emakume guztiek hezkuntzarako zuten eskubidea. Praktikoki XX. mendean lortu zen sozialki, azkenik, emakumeek hezkuntza sisteman sartzeko zuten eskubidea onartzea. Eta hori, zenbait emakumeren aldarrikapenen presioaren ondorioz lortu zen.

Sistemak, hainbat moldaketa egin ditu, emakumeak bigarren mailako herritar izaten jarraitzeko. Subsidiariotasun egoera batean mantendu daitezen. Sistemak bere biziraupenerako horrela behar du, sexuaren araberako lan banaketa iraunarazi behar du, horrek eramaten duelako sistema sustengarria izatera.

Hezkuntzaren barruan emakumearen zeregina arlo desberdinetan banatzen da, eta horietan bere presentzia finkatu eta areagotzeko planteamenduak daude. Hezkidetza da landu behar den esparru bat, eta kezka desberdinak daude gai horren inguruan.

Hezkuntza politika gizonezkoen ikuspegitik antolatua dago. Sexuaren araberako banaketan oinarritzen den egungo jendarte ereduak emakumeen zapalketa ezarri, iraunarazi eta estali egiten du. Eginkizun honetan Hezkuntza Sistema ezinbesteko tresna bilakatu da.

Jendartean ematen den sexu bazterketa Hezkuntza Sisteman islatzen da: antolaketan, irakaskuntza jardueran edota elkarbizitzan. Mundu akademikoari dagokionez, zientzia eta ezagupen ofizialean emakumeak ez dira existitzen, beren izatea ukatu egiten da. Euskal Hezkuntza Sistemaren erronka, aldiz, emakumeen esku-hartze soziala (kulturan, zientzian, politikan, eguneroko bizitzan...) berreskuratzea eta zabaltzea litzateke. Gure kulturaren iraupena eta transmisioa bermatu beharko ditu.

Lana eta enplegu kontzeptuen arteko disoziazioa gero eta handiagoa da. Emakumezkoen kasuan, gehiengoak betetzen duen etxe familiarekiko lanaren errekonozimendu ekonomiko zein sozialaren eza dakartza.

Jendarte mailan eta lan merkatuan ematen den sexuaren araberako lan banaketa hori Hezkuntza Sisteman ere ematen da. Alde batetik, prestigio eta soldata gutxien duten lanpostuetan aurkitzen dira emakumeak, goi mailako kargu eta erabaki guneetatik at. Bestetik, baldintza estruktural hauekin batera transmititzen diren boterearekiko harremanak, itxaropenak eta balorapenak.

erabakiorrak dira zapalketa areagotzen, eta baita aukerak mugatzen ere.

Hezkuntza formalean zein ez-formalean, sexuaren arabera emakumeari egokitu zaizkion rol eta paperak transmititzen dizkigute. Hezkuntza prozesuan familia eta eskola zutabe nagusiak ere badira, hauetatik jasotzen dute arrakasta izateko beharrizko duten neska eredua: balore maskulinoak dituen emakumea (konpetitiboa, independentea, iniziatibaduna, gogorra, ausarta,…), emakume enpresaria, sexia, sensuala,…

Jarrerak, rol banaketa, baloreak, ordezkaritza, inplikazioa, iritzia sortzeko eta agertzeko aukera, arduren banaketa, erabakiak hartzeko prozedura... aztertu eta eraldatzeko erantzunkizuna dugu sexu bazterketa gaindituz joateko. Irakaskuntza arloan ere, baldintzak jarri eta bitartekoak garatu behar dira gaur egun asmoak, borondateak eta egitasmoak direnak praktika objektibo bihur daitezen.

Jendarte parekide eta justu baten bidean, hezkuntzak pertsona osoak sortu beharko lituzke. Hau da, ezaugarri positiboak pertsona guztiek, eme eta arrek, garatzen ditugula bermatu behar du eskolak. Hori lortzeko, hezkuntza hezkidetzailea beharko dugu eskoletan. Hezkidetza, pertsonen banakotasun eta berezitasunen arabera, hau da, generotik at egiten den hezkuntza da. Hau da, irizpide sexistak (gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio, portaerak,…) kontuan hartu barik hezitzea.

Bideo honetan, ikus dezakegu zelan rol banaketa familia barnean ere ematen den: